Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


OCAÑA (1973-1983) EKINTZAK, EMANALDIAK, AKTIBISMOA

2011ko urriaren 7tik 2012ko urtarrilaren 15era


Ocaña 1973an iritsi zen Bartzelonara, Madrilen Carrero Blanco almirantea erail zuten urte berean. 1983an hil zen Sevillan, bere jatorrizko herrian, Cantillanan, jai herrikoi batzuetan eguzki mozorroak su hartu eta pairatu zituen erreduren ondorioz; horren ondotik, hepatitisak jo zuen eta defentsak oso baxu zituen, GIBarekin lotutako sintoma azken hau; sozialismoak hauteskundeetan izan zuen arrakastaren erdian gertatu zen. Espainiako trantsizio politikoaren urteak dira, hain justu.

Ezin da zalantzan jarri hirurogeita hamarreko hamarkada bukaeran Bartzelonako underground mugimenduan, eta hortaz, Estatu espainioleko kontrakultura osoan protagonista izan zela. Pertsonaiaren profila –andaluziar profesional eta eszentrikoa, Ramblatik emakumez jantzita paseatuz guztiak asaldatzen zituena– Bartzelona hiriko irudiaren parte da.

Artista gisa egin zuen lanetik zenbait jardun ezagun ditugu: Pintore ospetsua, paper martxe artisaua, zinema aktorea, kupletista trabestitua… Eta, hain zuzen ere, bizitza publikoko protagonismoak, musika eta politika ekitaldietako agerpen dibertigarriek, gay eta lesbianen kolektiboaren protesta politikoetan bere gorputzaren protagonismoak toki aurreratua eman diote performance egile gisara; ekintza arteetarako adibide paregabea da.

Garai berean bizi zirenen arte jardunei modu eszentrikoan zegoen lotuta, eta maiz, horregatik, ekintza arteetan izan zuen rola ez da modu zuzenean jaso, lana garatzerakoan arte horien estatusa ez baitzegoen zedarrituta. Horrek, hain zuzen ere, lana are interesgarriago bihurtzen du, eta proiektu honek parametro horietan jarriko du arreta: Nolabait, 1973 eta 1983 urte arteko ekintza publikoak, jolas emanaldiak eta aktibismo politikoko adibideetako batzuk aurkezten saiatzea.

Argi dago horretarako hamar urteko bizitza publikoan bizi izan zituen gertaera garrantzitsuenetako batzuk aipatu beharko ditugula: 1977an Un poco de Andalucía erakusketa Mec-Mec galerian, edota Canet Rock jaialdian eta Jornadas Libertarias jardunaldietan parte hartzea; 1978an Ventura Ponsen Ocaña, retrat intermitent pelikula edo gay mugimenduarekin zuen konpromisoa; 1979an Berlingo Harresian, Mendebaldeko Alemanian izan zuen agerpena, edo `Couleur et fête populaire´ (Kolorea eta herri festak) erakusketa Besançonen, Frantzia; 1980an La primavera obra La Capella aretoetan eta Jesus Garayren Manderley filmean parte hartzea. Ocaña, Camilo, Nazario, Alejandro eta beste batzuek osatzen ari ziren bizimoduak esfera publikoan esan nahi zuenaren adibide batzuk dira, agian erabat argi adierazten ez duten arren.

Ocañak bizitza eraikitzeari buruz hitz egiten du lan baten gisara; besteek ezin dute horrelakorik ulertu eta berak ere, batzuetan, aktore edo margolari gisa onartua ez izatearen azalpen arin gisa ulertzen du. Lan hori, manierismo moderno hori, performancearen esparrura eramatea ere ez da guztiz zehatza, performancea hitz nagusia izan arren. Garai haietan erabiltzen ziren izenak ere – “antzerkigilea”, “showman”, “kale antzerkia”, etab.) ez dira nahikoa. Hortaz, ekintza, emanaldi eta aktibismo horiek oraindik hiritartu beharreko esparruan agertzen dira, Ocañak inoren lurretan utzi zituen eta oraindik mugitzen ari diren materialen gisara.

Horregatik, garrantzitsua da aipatzea erakusketa honetan argazkiek, filmeek, ikus-entzunezko lanek, eskulturek, pinturek eta marrazkiek hartzen dituzten bitartekotza moduak, Ocañak eginak izan zein ez. Tony Catany, Colita edo Marta Sentísen argazkiak, Ventura Pons, Jesús Garay edo Gérard Couranten filmak, Gaspar Fraga, Juan José Moreno edo Vídeo-Nouen bideoak, Pep Duran, Jean-Claude Domon edo Miguel Arnalen piezak, Nazario, Xavi-Daniel edo Pep Torruellaren dokumentuak, Pérez Ocaña familiaren artxibategiak, hemen Ocañaren izenaren inguruan finkatzen dugun bizimodu hori agertzeko eta desagertzeko ingurua izateko gaitasuna dute.

Pasolini, –askotan Ocañaren ahotik entzun genuen: “Honetan ni oso pasoliniana naiz” –, Genariello gazteari bidalitako eskutitzetan “gauza” modernoei aurre egiteko nolabaiteko inpotentzia azaltzen du, eta aparatu kritiko ikasia izan gabe aurre egiten dienak miresten ditu, eta aurpegira begiratzen die indarkeriz, naturala balitz bezala, zuzenean horrekin borrokatzeko bezala, gorputz bat beste baten aurka. Agian hemen Ocañarekin identifikatzen dugun bizimodua gauzen eta gorputzen arteko borroka dialektiko horren aldi garrantzitsu bat da.

Komisarioa: Pedro G. Romero


ocana
© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK