Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea


"Nork ditu gogoan, dagoeneko, gerretatik ihes doazen errefuxiatuak? Are gehiago, nork daki non dauden gerra horiek eta zerk sortzen dituen,eta, horrez gain, non eta nola bizi diren haietatik ihes doazen errefuxiatuak? Kanpaina mediatiko handiek bihotza estutzen digute—edo hori nahi dute— sufritzen ari diren haurren irudiekin, aditzera emanez gure ekarpen ekonomikoak baino ezin duela eragotzi sufrimendua. Haur hilaren edo erreskatatuaren irudia bakarrik interesatzen zaie hedabideei, odol usaina badago baino ez baita agertzen otsoa. Inoiz ez zaie axola izango benetan gertatzen denaren egia kanpo aldera kontatzea, sistemaren, babesle baten eta helburu baten —etekin ekonomiko kalkulatu baten— mendeko baitira. Horrela ezinezkoa da informatuta egotea, norberaren burua informatutzat edukitzea." (Unadikum Refugees blogetik hartua).



"Sinrefugio" (Babesik gabe) REDIL izeneko artista taldeak (Ruben Díaz de Corcuera eta Iñaki Larrimbe) moldatutako arte politikoaren gaineko erakusketa da. Baina egileak ugariagoak ere izan litezke,erakustaldia bera aurretik landutako laborategiko emaitza gisa sortu zelako, eta han parte hartu zutelako herritarrek, bertako hainbat artistek, eta bereziki, errefuxiatuei babesa ematen lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde batek (CEAR Euskadi).


"Babesikgabe" (Sin refugio) erakustaldiaren gaia, zuzenean edo zeharka, behartutako migrazioen arazo larria eta babes bila dabiltzanen milioika pertsonena da. Horren aurrean, oro har herritarren anestesia morala. Anestesiaren sorrera, dirudienez, masa-komunikabideek bultzatutako izuaren aurrean denbora gehiegiz egotean datza. Gehiegizko esposizio hori gora doan segurtasunaren azoka publiko nahiz pribatuan sortzen da (beldurra opari egiten digute, gero segurtasuna saltzeko, ondo asmatutako pintaketa popular batean irakur daitekeen bezala). Anestesia morala eta zinismoa dira irudiaren abusu honetako azpiproduktu saihestezina. Horretan datza, hein handi batean, erakusketa.


"Babesikgabe" erakusketaren beste gai bat da irudiaren ezgaitasunakonpromisoa sortzeko. Zalantzagabeko errukia eragiteko gai daargazki-kazetaritzako irudi on batek, baina irudiarekin bateradesagertu egiten da, harena bezain bizitza gartsu eta laburra bizibaitu. Errukiaren oso bestelakoa da konpromisoa. Konpromisoaren etaerrukiaren artean, politika onaren eta demagogiaren artean bezainbesteko aldea dago.


Ez dago babesik. Inorentzat. Ikusleak, behinik-behin, ez du halakorik aurkituko hemen erakusgai dauden obretan, batean ere ez. Gehienak amaitu gabe daude, laguntzarik gabe, eta hauxe da arrazoia, Tania Bruguera Kubako artista politikoak adierazten duen arabera: "Arte politikoak partekatu egiten du berarekin topo egiten duten guztiekin, ez zaizkie inposatzen; egin ahala definitu egiten da; esperientzia da irudia baino"
(Arte politikoaren adierazpena, 2010).

© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK