Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


Irudia: Kike Gómez

# KONTRASTAFRIKA2017ko azaroaren 24tik 2018ko urtarrilaren 7ra. Lehenengo pisua

«Ezezaguna ezagutzea», horra La Exploradora elkarte zientifiko, kultural eta bidaiariaren leloa, gaur egun Asociación Africanista Manuel Iradier (AAMI) denaren sorburua.
XIX. mendean eta hurrengo mendeko lehen urteetan ezagutzen ziren atlas eta mapetan gune ilunak zeuden artean munduan. Leku horiek bakar batzuen irudimenek eta esperientziek animalia basatien eta zibilizatu gabeko giza tribuen gaineko fantasiazko istorioekin bete zituzten. Gaur egun, XXI. mendean, komunikazioaren mendean, informazioaren mendean, guztiok ordenagailuaren saguarekin klik bakar bat eginez gizateriaren ezagutza osoa hodei digitalean lor dezakegun garai honetan, leloa modaz kanpo geratu da, agian.

«Ezezaguna ezagutzea» leloak zaharkitua dirudi baina, hala ere, zerbait esnarazten du oraindik ere abenturazaleen, jakin-nahien eta geldiezinen irudimenean. Baliteke malenkoniaz eta nostalgiaz beterik egitea, salakota buruan jantzi eta inork aurretik zapaldu gabeko tokietan barneratu zitekeen garaiez oroiturik. Gaur, «ezezaguna ezagutzea» leloa eguneratu eta horren antzeko beste hau erabil genezake: «ezaguna berriz ezagutzea»: dakiguna, susmatzen duguna, ezaguna gertatzen zaiguna edota badakigula iruditzen zaiguna Kontrastatzea. Komunikazioaren aroan, guztiok sarera isurtzen ditugun ideien, testuen, argazkien, aurreiritzien, manien eta obsesioen sortzaile garen garai honetan, behar-beharrezkoa da gure zentzumenak ernaraztea. Haiek esango digute zer den eta zer ez den egia. Ez diezaiegula jasotzen ditugun berriei soilik jaramon egin. Itxi ditzagun begiak eta entzun dezagun. Estal ditzagun belarriak eta dasta dezagun. Utz diezaiogun segundo batez arnasa hartzeari eta uki dezagun. Afrikak munduko beste edozein lekuk baino gehiago jasan du aurreiritzien, informazio okerren, estereotipoen eta abusuen erasoa.

Jadanik Afrika ez da kontinente ezezaguna, baina ez da ondo ezagutzen. Kontinenteko bizitza giza-eskubideen aurkako atentatuz beteta dago oraindik ere, egia da; eta horren zergatiak ezagutu behar dira, eta nola eragiten duten nigeriarren, benindarren, senegaldarren, kamerundarren eta abarren eguneroko bizitzan. Baina solidaritaterik gabeko estalki horren azpian bizirik dirau oraindik ere Afrika bizi, osasuntsu eta originalak .

# KONTRASTAFRIKA proiektua hautatu dute Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta Montehermoso Kulturuneak elkarrekin egin duten “Giza Eskubideak eta Sorkuntza Artistikoa 2017” 18.000,00 euroz hornitutako deialdi publikoan (www.montehermoso.net/deialdiak).
Bai Garapenean Laguntzeko Zerbitzuan, bai Montehermoso kulturunean, uste izan dugu egungo kulturgintza, bere adierazpide ugariekin —sorkuntza plastikoa, ikus-entzunezkoak, antzezte arteak…—, berebiziko tresna dela elkarrizketa eta gogoeta espazioak sustatzeko, eta agerian jartzeko zein egoeratan dauden giza eskubideak gaur egungo mundu honetan.

Testuinguru horretan, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala erreferentziatzat harturik —eta abenduaren 10eko ospakizuna—, GGKEk egiten duten lana zabaldu eta herritarren sentsibilizazioa ahalbidetuko zuen sorkuntza artistikoko proiektu bat —giza eskubideak babestu eta aldezteko nazioarteko elkartasunaren alorreko gizarte eragileak eta hiriko kultur eragileak elkarlanean jarriko zituen proiektua— hautatzeko deialdia martxan jarri zuten Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta Montehermoso kulturuneak 2013an.

© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK