Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

FUTURO PERFECTO. Edurne Herrán

Proiektu honen abiaburuetako bat artistaren itxurak jendearengan sortzen zituen erreakzioak izan ziren. Identitate disoziatuaren nahasmendua —edo nortasun anizkoitzaren nahasmendua— abiapuntutzat hartuz, happening honetan, Edurne Herránek bere identitatearen beste identitate paralelo batzuk eraikiko ditu, eta benetan jarriko ditu praktikan, bere estetika eta izaera eraldatuz gizartearen aurrean. Hala, egunaren arabera, kode ezberdinekin jokatu eta  Edurne, Miren, Edelweiss, Inge-Liva, Alicia, Ludovika, Cayetana, Nieves, Elvira eta Rosi gisa aurkeztuko du bere burua, bai eta Andoni gisa ere: pertsonaia horiek orrazkera, jantzi eta jarrera erabat ezberdinak izango dituzte, eta besteengan askotariko erantzunak eragingo dituzte. Fikziozko nortasun horietako bakoitza berez Edurne Herránen beraren alderdi ezberdinen jarraipena da, zeinak areagotu egin baititu bere niaren bertsioak sortzeko. Egileak etorkizunaren malgutasunaz galdetzen dio bere buruari: hura baldintzatzen duten gertaera zirkunstantzialez, baina baita zeregin erabakigarria izan dezaketen erabaki kontzienteez ere.

Azken bi urteetan, artistak esperimentutzat jo dituen zenbait prozesuren bidez erregistratu du bere bizitza:  2014ko urriaz geroztik, bere nortasun ugarien pean joan da etorkizuna irakur diezaioten (tarota, kiromantzia eta iragarpena baliatuz), pertsona bera izan arren itxuraren arabera irakurketa ezberdina dela erakusteko; orobat, curriculumak bidali ditu bi pertsonaiaren izenean (Miren eta Edurne ahizpa bikiak) lan eskaintza berari erantzunez, zeinek duen lan-aukera gehiago aztertzeko.

Proiektu existentzial horren benetakotasuna zalantzagarria da emandako informazioaren egiazkotasunari dagokionez, baina bestetik artistak orain arte egin duen lanik benetakoena dela esan liteke, hari darion esentziari erreparatuz gero. Izan ere, Charles S. Peirce filosofoak zioenez, gizon baten identitatea denaren eta pentsatzen duenaren arteko koherentzian datza. Normalean kanporatzen ditugun baino askoz gauza gehiago pentsatzen dugu, gure buruaz osatu dugun irudia indartzen saiatzen garelako. Hala ere, ez al genuke batzuetan bestela jokatu, jantzi edo adierazi nahiko? Egundokoa litzateke gure gogoeta oro aske utzi ahal izatea eta nortasun berria bihurtzea egunaren arabera, baina ziur aski saiakeraren emaitza erabateko kaosa litzateke. Artista ausartu egin da saioa egitera, banakoaren eraikuntzan sakondu eta bestearen begiradak autorretratuan duen eragina agerian uzteko. Hainbeste aurpegi garatzeak eromenetik gertuko ondorioak izan litzake, baina ez al gintuzke hurbilduko benetako koherentziara? Galdetu Edurneri.

Nerea Ubieto

© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK