Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Jarduerak


ZINEMA GAUR

Ohikoa ez den zinema gustuko duzu baina ez dakizu non ikusi? Hauxe da zure lekua. Montehermoso kulturuneak antolatu duen ikus-entzunezkoen programa berri honetan arte arlo guztietako profesionalak bilduko dira bestelako zinemarekiko interesa eta grina partekatzeko. Proiekzioek, lantegiek, ikastaroek eta performance-ek elikatuko dute hiriko zinemazale guztiei irekitako gunea. Zuk gogoa eta jakin-mina jarri eta guk zinema ona  jarriko dugu.


Azaroak 16, 23 eta 30, 19:00 - 22:00.
ZINEMA ESPAZIOA - NARRATIBA GARAIKIDE BERRIAK


Ohiko klase bat izan beharrean, astean behin hitzordu lasai eta irekia izatea da asmoa, hirian orain arte ikusi gabeko zinematografia eta narratiba berriak ezagutu eta interes eta grina komunak partekatzeko. Zinema garaikidean joera markatzen ari diren zinemagileak ezagutuko ditugu, hala nola Miguel Gomes portugesa eta Hong Sang Soo korearra, eta haien eragin eta erreferentziez hitz egingo dugu gonbidatu bereziekin.

Garbiñe Ortegak gidatutako espazioa
Besteak beste, erakunde hauetan erakutsi da haren komisario-lana: New Yorkeko Lincoln Center, Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroa, eta Tabakalera (Donostia). Orobat, lankidetzan aritu da Pacific Film Archiveko komisariotza departamentuan (Berkeley, California) eta Kultura Digitaleko Zentroko zinema atalean (Mexiko), eta Festival Ambulante (Mexiko) jaialdiko zuzendarikidea izan da.

Plaza mugatuak
Izena-ematea: tel. 945 161 830, info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org


EMANALDIAK ATRIOAN
Azaroak 14. 19:30.
JOHN FROM. Joao Nicolao.

Portugal. 2015. 98 min. Jatorrizko bertsioa portugesez, gaztelaniazko azpitutuluekin.

Uda da. Rita eta Sara nerabeek elkarri ezkutuko mezuak bidaltzen, gizarte etxeko organoa jotzen eta batetik bestera paseatzen ematen dute denbora. Egun batean, ordea, Hegoaldeko itsasoei buruzko erakusketa bat aurkituko dute, eta haien bizitza palmondoz, ukelelez eta tribuen mozorroz betetako agertoki batera aldatuko da. Maitasunez, ameskeriaz, kolorez eta abenturaz betetako garaia ere izango da. Uda usaina udazkenean.

Azaroak 21. 19:30
LA PRINCESA DE FRANCIA. Matías Piñeiro.

Argentina. 2014. 70 min.

Aita Mexikon hil eta urtebetera, Víctor Buenos Airesera itzuliko da, bertan behera utzi behar izan zuen bizitza berreskuratzeko asmoz. Lehengo antzerki konpainiarentzako lana ere badakar Víctorrek: irrati-antzerkiko serie latinoamerikarra egitea, elkarrekin ekoitzi zuten azken lanaren –William Shakespeareren Trabajos de amor en vano– programa pilotua grabatuz; hark Frantziako printzesaren papera egin zuen aipatutako lanean. Berak ondo baino hobeto ezagutzen dituen bost emakume aktore ditu zain lanean hasteko: Paula, emaztegaia, hamabi hilabete fidel izan nahian igaro dituena; Ana, maitalea, haren maitasuna benetakoa den zalantzan jartzen duena; Natalia, emazte ohia, haren gustukoena izaten jarraitzen duela uste duena; Lorena, laguna, gehiegi maite duela amets egiten duena, eta Carla, oroitzapen lausoa, haren hurrengo maitasuna izan daitekeena. 


Azaroak 28. 20:30h. Klaustroa
“DESAGERTZEA” PERFORMANCEA


LABORATORIO EXPERIMENTAL DE CINE (MEXIKO) + GUILLERMO LAUZURIKA (VITORIA-GASTEIZ). 60 min, 16 mm-ko 3 proiektagailu, soinu optikoa dutenak, soinu makinak eta sintetizadoreak.

Desagertzea:  leku batean egoteari uztea, existitzeari uztea.
Batez beste, Mexikon pertsona bat desagertzen da ordubete eta 50 minutuan behin, hau da, 13 pertsona egunean. Inork ez daki oso argi nola edo zergatik. Bilaketan, desagertutakoen senideek errautsak, pusketak baino ez dituzte aurkitzen.  Filmetako materialaren ezaugarri fotokimiko eta fisikoak baliatuz desagertzearen ideia aztertuko dugu pieza honetan. Hondarrean geratzen diren aztarna posibleen irudizko arkeologia ere egingo dugu irudiekin.

Azaroak 29. 19:00-22:00.
ESKUZ EGINDAKO ZINEMA LANTEGIA.


Mexikoko LEC kolektiboa gurera hurbilduko da, Bartzelonako L’Alternativa jaialditik igaro ondoren. Lantegi azkar honetan, eta esperimentazioaren bidez, mugimenduzko irudien printzipioak eta filmetako materiala birziklatzeak dituen aukera estetiko eta narratiboak ezagutarazi nahi zaizkie parte-hartzaileei. Kamerarik gabeko zinema egingo da, 16 mm-ko pelikularen gainean lan eginez, lehendik zeuden irudiak edo testurak kenduz eta eraldatuz edo beste batzuk gehituz

Leku mugatuak.
Izena-ematea: tel. 945 161 830 , info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org




© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK