Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


Barru[tik] kanpo[ra].

2016ko uztailaren 7tik irailaren 4ra. 1. Solairua

Artistak: Álvaro Aroca Córdova  - Nerea Beriain Cebas - Oier Gil - Abel Jaramillo - Blanca Ortiga - Imanol Zubiauz.

Komisarioa: Leyre Goikoetxea Martínez

Irakurketa-aukera asko eskaintzen ditu erakusketaren izenburuak, duen esanahiak bezalaxe. Alde batetik, interesen zein ezagutzen transmisioari egin nahi dio erreferentzia, baina, batez ere, artista bakoitzarengandik ateratzen diren zalantzak edo galderak dira jomuga. Zalantza edo galdera horiek barrutik azaldu ahal izateko, arrazoiketa hori elikatu behar da lehenik. Jaso ahal izateko erein, lugorria garrantzitsua da. Irentsi eta bota, berriro irensteko. Ez da zirkulu itxia, atzeraelikadura baizik. Guztiok gaude etengabeko ikasketa-prozesuan, baina ‘artista izateko’ bide luze horren lasterketaren hasieran daude erakusketa honetan parte hartu duten artistak. Graduan daude batzuk, masterrean edo graduondokoan beste batzuk, are doktore tesia idazten ere; alabaina, ziur asko ibilbide artistiko osoa izango denaren hasieran daude. Baliteke guztiak horretara ez iristea, izan ere, lanbide horrek asko eskatzen dio norberari, bizitzari, ahalegin handia, dedikazio handia, gauza batzuk kendu behar izatea lanbideari emateko, iraunkortasuna, grina eta egiten duzun horretan sinestea. Bizitzeko aukera bat da, pasio bizia. Pasioa izan behar duen lanbidea; pasioa lanbidean. Ez da jolasa, izan daitekeen arren. Ez da zaletasuna, nahiz eta batzuetan, norberaren osasunaren alde, horrela ikusten dugun. Artista izatea lanbidea da, guztiaren gainetik. Artea ezinbestekoa da, eta funtsezkoa; primarioa eta oinarrizkoa. Min ematen duten legeak; arrakalak jolasean; iristen ez den aisialdia; mozketak airean; gorputzen erresistentzia; errituan ekitea.


Pirinioen ezabaketa (Tachado del Pirineo) lanak baztertu egin du, edo zalantzan jarri, mugen zeregina, bai eta gizakiak egindako banaketa edo mugaketak ere. Egileak benetako espazioaren gainean egindako ekintza zuzenaren bidez, keinu soil edo are arrunt batez, gaiari arretaz begiratu diezaiogula lortu du Oier Gilek, gure begirada leku zehatz batean eta monumentuaren atzean gertatzen denaren gainean finkatzea lortu du. Aipatu estelaren oroitzapenezko plaka ezkutatu du, eta, beraz, baita hitzarmena ere. Eskaintzen digun irudiak monumentua inauguratu aurreko garaia gogorarazten digu, eta, hortaz, ituna ez litzateke indarrean egongo oraindik. Bigarren ekintza bideoz erregistratu da, eta hitzarmenaren ezabaketa erakusten du. Horren bidez, monumentuarekin bezalaxe, hau da, ezkutaketaren bidez, 1659. urtea baino lehengoko (baina hortik gertuko) datetara itzularazi gaitu, urte horretan sinatu baitzen aipatu hitzarmena. Lurraldetasun arazoa, banaketak, distantzia eta ezkutukoa agerian daude.

 

Nerea Beriain Cebasen Trastetegia (Cacharrería) mugen arteko jolasa da batez ere. Zeramikazko piezei forma ematen dien molderik ez dago, baina susmatu egiten da. Eraketa posible infinituak, ikusten ditugun formak egiteko loza mugatzen duten formak elkartuz edo banatuz. Tangram jolasa (orduak eta orduak igarotzen genituen horrekin, duela urteak batzuek, duela ez hainbeste beste batzuek) gogorarazten digute igeltsuzko forma edo molde horiek, eta intereseko forma hori bilatzen laguntzen diote Nereari. Forma aukeratutakoan, zeramikaren eta horren egosketaren bidez, luzaroan iraunarazten du. Ikasketaz, bilakaeraz, industrializazioaren aurrean eskuz egindako lanez eta sorkuntza-prozesuan zeharreko aldaketa-prozesuez hitz egiten dute tailerrean edo estudioan hartutako erabaki horiek. Sukalderako ontziak, oro har lozaz eginda egoten diren horiek, eros daitezkeen postuak aipatzen ditu izenburuak zuzenean.

 
Hondartza (La playa), desioaren xede den leku hori, buruan beti edukitzen dugun kontzeptua. Abel Jaramillok toki utopiko bezala gauzatu du hondartza; hobea den baina inoiz iristen ez den une hori da hondartza. 1968ko maiatzeko ‘Sous les pavés, la plage!’ (Zoladuraren azpian, hondartza!) esalditik abiatu da ideia, matxinadetako esloganetik, hain zuzen ere, eta, argazkien, bideoen eta are udako ohiko apaingarrien bidez, baina ñabardura ilun eta artifizio handiko apaingarrien bidez, kolorerik gabeko hondartza, grisa, iradokitzen duen sentsazio hori sortu du, edukiko ez ditugun opor horien sentsazioa eraginez. Tokiaren eta irudien gainbeherak, kolore gabeziak, hondartza garaian ohikoa den horrek, egungo unera ekartzen gaitu.

 

Heideggerren ustez, gorputzek betetzen duten toki hori da espazioa. 1964an, horri buruzko hitzaldia eman zuen, eta, 1969an, horren laburpena argitaratu zuen, Eduardo Txillidari eskainia, Artea eta espazioa (El arte y el espacio) izenburupean. Bertan, Txillidak hutsunea jasotzen duten espazioak eratzeko duen moduaz dihardu Heideggerrek, hutsune hori ezin izango dela inoiz giltzaperatu adieraztearekin bat. Imanol Zubiauzek Espazio negatiboa (Espacio negativo) instalazioan eraiki duen bitasunaren erakuslea da hori. Instalazio horretan, ispiluen eta laserren bidez, airean marraztutako bi kubo sortu ditu, izenburuak adierazten duen espazio hori mugatzen dutenak. Aurreko mendeko 90. hamarkadan hain modan egon zen esaldia etorri zait gogora, zera zioena: ‘zuloak egiten du donutsa, zulorik gabe izango litzateke?’, izan ere, gehien gustatzen zaidan adibide kuantikoetako bat gogorarazten dit eta anbiguotasun eta kontraesan kontzeptuetara eramaten nau; Schrödingerren katua, aldi berean baitago bizirik eta hilda, paradoxa bikaina, nolako bertutea!


Materialak limitera eramatea, horiekin jolastea; biguna, solidoa, likidoa, likatsua den hori; noraino irits daitezkeen egiaztatzea, zer eman diezaguketen, zein elkarrizketa eduki dezakegun horiekin... Ohiko eta beharrezko ariketa da eskultura-prozesuan. Gorputzak (Cuerpos) lanean, Blanca Ortigak limitean jarri ditu materialak, harria, kautxua, kristala, goma, eta are bere gorputza ere. Inertzia naturaren indar boteretsu gisara, bai eta beldurra ere. Erresistentzia matxinada edo estrategia bezala, fisikoa edo emozionala den horretatik abiatutakoa. Tentsioak begirada berrientzat.


Ekintza katartiko bezala erabili du erritua Álvaro Aroca Córdobak Quinchahue lanean. Herri maputxeko ohituretarako berbisita eginez, bertakoa baita bera, pentsamendu dekolonialarekiko interesera hurbildu gaitu. Modernotasuna zalantzan jartzera gonbidatzen gaitu pentsamendu horrek. Egun Amerika izenez ezagutzen den kontinentearen konkistarekin 1492an ezarri ziren botere-harremanei buruz eztabaidatzen du. Arocak bi kontinenteetan bilatzen du bere identitatea, izatearen eta  sentitzearen premisaren pean. Norberaren edo animalia sagaratu baten odolaren bidezko arazketa. Larruazalean behera doan odola, edo irensten dena, odol horrek egindako grabatuak, artistaren eta animaliaren odol-nahasketak, egiletza edo katalogazio posiblearen inguruko nozioa galduz. Funtsean, mestizajea introspekzio gisa.

 
Haztea eragiten diguten zauriak; zalantza egitera bultzatzen gaituzten muga ezarriak; haztera gonbidatzen gaituzten arrakalak; zuloa eta hutsunea; ezeztapena eta baieztapena; ezkutukoa eta zitala; galderetarako espazioa; erantzunak haztakatzeko pitzadurak, eta galdera gehiago. Zirkulu irekia.

 Leyre Goikoetxea Martínez

 
Montehermoso - Arte Ederren Fakultateko ikasleentzako 2016ko deialdian aukeratutako proiektuak
© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK