Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


HAU EZ DA. Erakusketa

2015eko abenduaren 17tik 2016ko urtarrilaren 31ra, Klaustroa.

HAU EZ DA. Berriz sentitutako objektutik irudikatutako objektura

Izan ere, marrazketa oso tresna eraginkorra da bai inguratzen gaituena irudikatzeko, bai barrutik sortzen zaiguna, amesten, sinesten edo imajinatzen duguna islatzeko. Marrazketak kanpokoa eta barrukoa irudikatzeko ahalmena du eta, irudikapen horren bidez, gure kideekin partekatu ahal dugu.

Marrazkia gutxi-asko figuratiboa izan daiteke, irudikatu nahi dugunarekin duen antz
handiagoaren edo txikiagoaren arabera. “Errealitate” hautemangarria, inguratzen gaituena irudikatzera mugatzen diren marrazkiek ere ezin dute irudikatzen duten objektua ordeztu. Ilusio hutsa baino ez dira, amarru bat, objektua osatzen duten trikimailu grafikoen multzoa.

Platonen haitzuloaren mitoan gertatzen zen bezala, marrazkiak irudikatu nahi denaren itzalak dira. René Magritteren “Ceci n’est pas une pipe” koadroan gertatzen den bezala, marrazkia, margoa, bai eta argazkia ere, objektu baten irudikatze grafikoa besterik ez dira azken batean, subjektu batek egindakoa.

Garrantzitsuena irudi horren egilearen eta ikuslearen artean sor daitekeen elkarrizketa da. Irudi horiek egiteko prozesua erakustea da gure asmoa. Idulkietan edo erakustokietan ongi ikusteko moduan jarritako objektu “errealak” abiapuntutzat hartuz, marrazkilari, margolari edo argazkilari batek irudia egingo du zuzenean, Montehermoson bertan, eta prozesu osoa pausoz pauso dokumentatuko da (zirriborroak eta bat-bateko argazkiak), errealitate jakin bat osatzen duten alderdi ezberdinen irudikapen osoa eta xehea sortzeko.

Hartara, agerian geratuko lirateke objektu erreala, hori abiapuntutzat hartuta sortu den irudia edo errepresentazioa, eta ekintza dokumentatzean sortutako bigarren mailako irudiak. Hainbat egilerekin errepikatuko da ekintza, banako bakoitzaren prozesuen arteko aldeak azpimarratzeko. Hartara, sortzaileen hurrenez hurreneko esku-hartzeak eta irudikatzearen emaitzak erakusketa osatuz joango dira: 
  • Abenduak 18, ostirala: Pipa - Ángel Remírez de Ganuza
  • Abenduak 22, asteartea: Oinetakoa -  Xabier Sagasta
  • Abenduak 30, asteazkena: Telefono mugikorra -  Karen Warner
  • Urtarrilak 4, astelehena: Kafe Katilua - Yolanda Mosquera
  • Urtarrilak 8, ostirala: Hortzetako eskuila - Aritz Murua
  • Urtarrilak 12, asteartea: Kontserba potoa - Pili Aguado
  • Urtarrilak 16, larunbata: Kartoi kutxa - Koldo Mendaza eta Piko Zulueta.
Erakusketaren hasieran, beraz, eguneroko objektu arruntak izango ditugu, idulki edo beiraarasa batean banan-banan jarrita, izenaz eta definizioaz lagundurik. Bestetik, erakustaldian, objektuak etengabe proiektatuko dira horman, eta aurrean besaulki bat jarriko da, bisitaria haitzuloaren mitoaren partaide izan dadin. Erakusketarako sortzen den material guztia on-line argitalpen batean bilduko da.

LANTEGIAK

Erakusketak irauten duen bitartean bi lantegi emango dira, urtarrilaren 2an eta 23an, bata umeentzat eta bestea helduentzat, zeinetan “Hau ez da” proiektuaren ezaugarriak eskala txikian errepikatuko baitira.

big bands
© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK