Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


GUDU-ZELAIAREN HEDAPENA

2014ko uztailaren 17tik irailaren 28ra. 1. Solairua

Artistak: Ainhoa Akutain, Mikel Calleja, Leticia Gaspar, Amaia Molinet, Ianire Sagasti, Camilo Torres

Komisarioa:
Julia Morandeira Arrizabalaga

“Afektuaren zehazgabetasuna da, nonbait, paisaiaren indarraren funtsezko ezaugarria, paisaia edozein izanda ere”. -W. T. Mitchell-

Gudu-zelaiaren hedapena
talde-erakusketarako hautatutako lanek lurralde batzuetako –lurralde geografiko, politiko, ekonomiko, historiko edo pertsonaletako– barne tentsio desberdinekin egiten dute borroka. Praktika gehienek jarrera hartzera behartzen dute artista, eta agerian jarri nahi dituzte gatazka eta negoziazioa, gai-sorta zabal baten bidez: mugaren izaera irekia, modernitate akigarriaren hondarrak, arkeologiaren alde fantasmagorikoa, boterearen lilurak paisaiaren gainean edota eremu intimoko borroka etengabea. Gainera, jarduteko ildo bera dute proiektu guztiek: arazoak begien bistan jartzea eta egonkortasuna galaraztea, urruntzeko edo testuinguruan bertan zuzenean esku hartzeko baliabideak erabiliz. Hortaz, Gudu-zelaiaren hedapena izenburuak keinu bat da elkarrekin lan egiteko gunea zabaltzeko; begirada hausnartzaile bat, bizi garen tokietako geografiei egina; modu bat subjektuaren muga(tzea)k zalantzan jartzeko.

Erakusketaren esparrua gainditzen duen mailan, izenburuak erakusketa hau egiteko aukera eman duen ekimenaren atzetik dagoen logika du aipagai: UPV/EHUko Arte Ederretako gradu eta graduondoko ikasleei egindako deialdiaren bidez hautatutako proiektuak. Deialdia Vitoria-Gasteizko Udalaren eta unibertsitatearen arteko elkarlanaren emaitza izan da, eta zubiak eraiki nahi ditu kultura- eta hezkuntza-arloko instituzioekin, ikasleen lanak agerian jartzeko. Hautatutako artistak belaunaldi desberdinetakoak dira, eta haien ibilbideak ere desberdinak dira. Hala ere, haietako askok aurkeztu duten proiektua baliabide edo mintzaira berri bat erabiliz egin duten lehen saiakuntza izan da. Azken batean, lan berrien erakusketa honek gudu-zelai kolektibo, artistiko eta profesionala hedatu nahi du, ‘kolektiboa’ Bruno Latour-en ildoan ulertuta: “bildumatzeko edo eratzeko lana, bilduta dauden izakien heterogeneotasuna nabarmentzen duena”.

Inaugurazioa: 2014ko uztailaren 17an, 20:00. Sarrera doan

© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK